Musikerrepresaliatuak kontzertuetara!!!
Musikerrepresaliatuak kontzertuetara!!!
Badira urte batzuk Markinan Gaztemugi! Euskal Herriko Gazte Mugimenduaren Topaketak egin zirela. Honen ondotik, Arrasaten gazte talde bat bildu eta MusikHerriaren hasiera suposatu zuen. Horrenbeste jende, amets eta borroka... eta berriro ere, azken gertakizunen harira, Markinara bueltatu beharrean gaude, zoritxarrez.
MusikHerria sortu genuenetik, kolektiboak ezberdina izan behar zuela argi genuen: herri mugimendutik sortua denak duen puntu hori behar zuen; eta herri mugimenduaren parte den heinean, hainbat dinamikatan aktiboki parte hartzea etorriko zen geroago.
Iazko urtarrilean, musikari eta herritar kontziente eta aktibo bat, Adikune taldeko Markel, bahitu ziguten. Azaroan, ordea, Enkarterriko beste gazte konprometitu bat, Apurka taldeko Potxu, eraman zuten. Oraingoan, dinamika errepresiboak bere horretan jarraitzen duenean, Markinako Oliba Gorriak taldeko Ezkerra eta Enekoren atxiloketak salatu beharrean gaude, hauek ere euskal herritar kontziente eta aktibo izateagatik giltzaperatu dituztelako. Badakigulako, ondo jakin ere, Markel, Potxu, Eneko eta Ezkerra bezala beste askok jasaten ari diren jazarpen eta kartzelaratzeak, Estatu Espainolak Euskal Herria eta konkretuki euskal gazteria anikilatzeko saiakeraren baitan kokatzen direla.
Potxuk jasandako torturen ondorioz, bere autoinkulpazioa lortu zuten, hori baita inkomunikazioa eta torturaren helburua. Era berean, Eneko, Ezkerra eta Lea-Artibain atxilotutako lagunek ere tratu txarrak salatu dituzte. Horregatik, MusikHerriak bere kezka agertu nahi du disidentzia politikoa desaktibatzeko metodo horiek babesten dituzten eragileengatik; izan ere, tortura zuzenean praktikatzen dutenak badaudelako, baina demokraziaz eta giza eskubideez ahoa betetzen duten beste batzuk, tortura ahalbidetzen duen inkomunikazioaren aurrean, ezer gertatu ez balitz bezala beti beste alde batera begira gelditzen direlako ere.
Baina gorrotoaren politika bultzatu eta babesten duten horiek ez bezala, guk ez ditugu ahaztuko, ez dugu gure borrokan etsiko lau kideok gure asanbladetan zein kontzertuetan gurekin izan arte, gauza asko esan baititzakegu, baina ezeren gainetik gauza bat: maite zaituztegu! Ez etsi, zuekin gaude!
Gure aldetik, MusikHerriak hautu argia egin zuen bere garaian: MusikHerria ezin uler daiteke herri mugimenduarekiko harremanik gabe, eta saiakera kriminalizatzaile horien gainetik, MusikHerriak argi du zilegitasuna ez duela audientzia espainolak ematen, zilegitasuna berez badaukagulako eta kalean eta lanean, antolakuntza eta borrokarekin demostratzen dugulako. Horregatik, ozen esaten dugu lanean segituko dugula, borrokan, gure esparrutik, musikatik, herri eta gazte mugimenduarekin batera, herri eta mundu libre eta justuago baten alde.
Utzi Euskal Herria eraikitzen!
Utzi bakean herri mugimendua!
Markel, Potxu, Eneko eta Ezkerra askatu!
MusikErrepresaliatuak kontzertuetara!

Zabaldu
del.icio.us